XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oso interesgarria delakoan, Iñaki Petxarromanek Jakina!-n Euskaldunon Egunkariaren unibertsitateko gehigarria Batzuetan inpresioa dut Jaurlaritzak ahaztu egiten duela EHU publikoa dela izenburupean argitaratutako Pello Salabururi egindako elkarrizketaren laburpena plazaratzen dugu.

Horrela, Salabururi, Azkarateri edota UPV-ko Prentsa Sailari hainbeste aldiz eskatu diegun bertsio ofiziala eskaintzen diegu gure irakurleei.

Pello Salaburu: 7 baietz!-ek betetzen baldin badu, nahiago dut euskararen normalizaziorik ez egotea

(...) Duela bi urte ikasketa plan berriak jarri ziren martxan EHUn, eta (...) kritika gogorrak izan dira (...).

Zer gertatzen da, EHUk ez duela baliabiderik horiei aurre egiteko?

Ez, ez. (...)

Ni kritikoa naiz hasieratik bertatik, Estatuaren interbentzio handiegia dagoelako.

Hiru puntutan laburtuko nuke ikasketa plan berrien desegokitasuna: (...) ikasketa orduak gehitu egin dituzte: (...) espezializazioa lehenbiziko ikasturtetik sartu dute; (...) diru gehiago ez dute aurreikusi.

(...) Esan izan duzu EHUri dirua falta zaiola dituen erronkei aurre egiteko. (...)

Zein perspektiba dituzue (...)?

(...) Dudan inpresioa da Jaurlaritzak ahaztu egiten duela unibertsitatea publikoa dela (...).

Hala bada, horren ardura Gobernuak hartu behar du, eta guri eskatu behar zaizkigu (...) erantzukizun guztiak, baina hemen ohitura izan da Gobernuak langileei ordaindu beharrekoaren eta azpiegituren ardura soilik hartzea.

1995ean (...) kontseilariak aldatu egin zuen hori (...) langileen kapitulua berdintzeko.

Baina (...) zenbait gauza ahaztu ziren: premia berriak sortzen direla, irakasleen osagarriak daudela, ikerkuntzak, osagarriak sortzen dituela.

(...) 1996an, (...) 800 milioi pezetako defizita dugu.

Defizit horri nola egin diozue aurre?

(...) Esan nion kontseilariari: nik 1996an ez dizut diru gehiago eskatuko eta beste programetatik (...) aterako dut dirua.

1997an zer behar dugun esango dizut, eta zuek berdindu berriz ere.

1997ko aurrekontuetatik unibertsitateari emango zaion diru partida % 7,1 goratu da.

(...) Horrela segurtatzen dugun gauza bakarra da gure beharrak justu-justu betetzea. (...)

(...) Aipatu duzu unibertsitateak errenta banatzeko lana hartu beharko lukeela. (...)

(...) Aztertu behar den zerbait da.

(...) Ez dago eskubiderik pertsona batek bi milioi pezeta irabazi eta beste batek 15 (...) irabazi urtean eta bien seme-alabek berdin ordaintzea matrikulatzeko.

(...) Ezinbestekoa da (...) duenak gehiago ordaintzea.

(...) Masifikazioari aurre egiteko, zer egiteko asmoa duzue?

(...) Guri ez badigute dirua ematen irakasle gehiago kontratatzeko, dauden ikasle guztiak gela berean sartu beharko ditugu.

Horrela, beste teknika batzuk bilatu beharko dira, zenbait eskola (...) telebistaren edo bideo konferentzien bidez jaso ahal izateko.

(...) Nire projektua da beste campus bat sortzea: campus birtuala.

Protecsa zinpeko guardiak salatu dituzte zenbait sektorek, besteak beste kartelak kentzeaz, unibertsitarioak mehatxatzeaz...

Hala ere, zuen laguntza osoa dutela dirudi, eta horren adibide da haien kontratua luzatu izana.

Ez da gure babesa.

Guk hau lehiaketa publikora atera genuen.

Horra aurkeztu ziren aurkeztu zirenak eta horien artean irabazi zuten irabazi zutenak.

Guk ezin dugu inor ere baztertu.

Hau da, baztertzeko frogatu beharko lukete tribunal batzuen aurrean badela nahikoa arrazoi baztertzeko, zeren eta bestela etortzen gara arbitarietarik handienean.

Beharrezkoak al dira horrelako guardiak EHUn?

Dudarik gabe, beharrezkoak dira, hemen baditugulako milioi asko balio duten tresnak (...).

Baina egiten diren salaketen arabera, badirudi konpetentzia horietatik kanpo jokatzen dutela askotan.

Ez da horrelako salaketarik egin.

Sala eta froga dezatela.

Egunkarietan agertu izan dira.

Baina egunkarietan gauza asko agertzen da.

Egin behar dena da salatu, (...) baina salatzea bakarrik ez da nahikoa, frogatu ere egin behar da salatutakoa.

Baina kartelak kentzen eta jendea mehatxatzen aritu direla esan dute batzuek.

Kartelak kentzea agindu baten ondorioa da, nik eman nuen eta zera da: astebururo hormetako kartelak garbitu.

Gero baldin badira kartelak irain pertsonalekin horiek ere berehalaxe kendu, eta nik dakidala hori egiten dute.

Gero pixka bat pasatzen direla?

Lan horretan aritzen diren guztiak (ertzainak, poliziak...) sartzen dira oso labaina izan daitekeen toki batean.

Duela urte batzuk Poliziak debekatua zuen unibertsitatean sartzea (...).

Gaur egun gero eta gehiago sartzen da.

Zer gertatzen da?

Gertatzen dena da orain lehen gertatzen ez ziren gauzak izaten direla.

Hori hasteko.

Nik uste dut Poliziaren eta unibertsitatearen artean, hor demagogia ikaragarria egin dela.

Unibertsitatearen historian ez da sartu Polizia unibertsitateetan.

Unibertsitateak berak bazuelako polizia, kartzelak zituelako unibertsitateak, hori da inork esaten ez duena.

Orain (...) badaude talde batzuk eta horiek ez digute uzten adierazpen askatasuna erabiltzen, ez digute uzten pasiloetan ibiltzen, eta nik askatasun hori bermatu nahi dut.

Beraz, baldin bada hemen irakasle bat mehatxatua, (...) ikasle mehatxatuak, (...) langileren bat mehatxatua, guri ez bazaigu uzten egin behar dugun lana egiten, ez izan dudarik, Ertzaintza deituko dut, zeren eta horretarako da.

Nola dago irakasle kaleratuen auzia?

Ez da irakasle kaleraturik, hori hasteko.

Ezin da norbait kaleratua sentitu, izan baldin badu bere mahai gainean kontratua nahi izan duen guztietan sinatzeko.

Horiek kanpoan daude.

Nik nahiko nuke arazo hau konpondua izan dadin, baina, jakina, konpondua izateko baldintza minimo batzuk behar dira: hots, irakasle ohi hauek jakin behar dute beraiek beste irakasleek dituzten arau berak dituztela.

Jakina, egunen batean unibertsitatera sartu nahiko balute, horrek beharko luke Gobernu Batzarraren baimena, plazak sortu beharko lirateke, sailak eman beharko luke bere iritzia eta beste hainbeste baldintza daude.

(...) Beraz, berriro sartzeko aurkeztu beharko lirateke lehiaketa publikora ateratzen diren plazetara?

Jakina, ez dago gure esku hori aldatzea.

(...) Ezin dut kaxoitik atera plaza bat honi emateko eta beste bat ez dakit nori emateko (...) eta nik horrelakorik egingo banu erantzukizun penala edukiko nuke.

Nolabaiteko akordioren bat ez al da posible?

(...) Momentu honetan kanpoan daude, nik uste dut gainera oso gauza txarra egin dutela eskolak oztopatu dituztenean, biolentzia erabili dutenean eta beren kideak haserrarazi dituztenean.

Ateak itxiarazi dituzte, hemen ateak irekita izan dituzte askotan eta itxi egin dituzte.

Errektoretzat laguntza ekonomikoa kendu dio 7 baiez! EHUko euskarazko aldizkari bakarrari.

Zergatik?

Beno, gure ustez zenbaki batean baino gehiagotan irain pertsonalak egin dituztelako, Protecsako enplegatu batzuen kontra, eta herri honetan karteletan agertzeak baditu ondorio batzuk.

Hori ez da adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat.

(...) Gauza bat da askatasuna babestea eta beste gauza bat oso diferentea askatasuna omen den horren izenean gure teilatura harriak botako dituztenei harriak eskura ematea.

Baina haiek esaten dute ez direla irainak, informazioa dela.

Ez, badakit ez dela hala.

Horiek oso ongi dakite ez dela hala.

Hala ere, batzuek euskararen aurkako erasotzat har dezakete hau.

Ez da euskararen aurkako erasoa.

Nik uste dut ez direla bi gauzak nahastu behar.

Horrek ez du euskararekin zerikusirik.

Eta, beraz, hau ez da unibertsitateko euskararen normalizaziorako atzerapauso bat?

Ez, horrelako aldizkari batek betetzen baldin badu euskararen normalizazioa, nahiago dut normalizaziorik ez egotea.

Euskalduna eta Euskaltzaindiko kide izanik, euskararekiko sentsibilitate berezia du Salaburuk.

Euskararen normalizazioaren aldeko jarrera garbia agertzen du; normalizazio hori aurrera eramateko erritmoaz, ordea, badaki desadostasunak eduki ditzakeela unibertsitario euskaldun zenbaitek egiten dituen aldarrikapenekin.

Badirudi ikasketa plan berriak atzerakada ekarri diola euskarari.

Guk egin genuen plangintza bat eta hori plan zaharrarekin erraza zen (...).

Ikasketa berriak sartu direnean, dena trabatu egin da (...)

Hala ere, derrigorrezko ikasketen artean % 50 euskaraz ematen direla esango nuke, eta ondorengo urteetan gure asmoa da % 65era iristea.

Baina lehen euskaraz ematen ziren karrera batzuk gaur egun ezin dira euskaraz hartu.

Bai, hori da kontua.

Hala ere, (...) egoera hori bere onera etorriko dela uste dut.

Pauso handiak eman dira, baina memoria falta zaigu.

(...) Irakasleen euskalduntzeari buruz, gainera, geldialdia dagoela dirudi.

Begira, lehengo urtean hemen sartu izan diren irakasle gehienak elebidunak ziren.

Irakasle zaharrak euskalduntzeko plangintza zertan da?

Horiek ez dira sekula euskaldunduko.

Salbuespenak izango dira, baina hala da.

Zergatik?

Unibertsitateko irakaslea tranpa batean dagoelako sartua.

Izan ere, unibertsitatean ikerkuntza behar luke egin. (...)

Hauei legez ezin zaie eskatu euskalduntzeko?

Legez ez.

Nik uste dut, gainera, posible izango balitz ere jendeari euskara ikas dezan eskatzea, ez litzatekeela batere ona izango, horrek EHUren kalitatea guztiz zalantzan jarriko luke eta.

Baina betidanik euskaraz ikasi duen batentzat gogorra izango da bat-batean, esaterako fisika erdaraz ikasten hastea.

Oso gogorra da gure ikuspuntutik.

(...) Nire ustez, elebiduna baldin bazara, ez duzu arazorik eduki behar talde batetik bestera pasatzeko.

Hala ere, hor dagoena da eskubide kontu bat: ikasketak nahi den hizkuntzan egiteko eskubidea, alegia.

Bai, jakina, eskubide hori hor dago eta horren alde jokatu behar dugu beti.

(...) NUP eta EHUko aurreko errektoreek barruti unibertsitario bateratuaren aldeko akordioa sinatu zuten.

Zertan dago akordio hori?

Nik ez dut ikusten orain Nafarroan aparteko gogorik hau bultzatzeko.

Nik harreman onak ditut, baina hori kenduta ez dago ezer.

Jakina, alde batek ez badu nahi, besteak ezin du ezer egin (...).

Arazo politikoak izango dira akademikoak baino gehiago, ezta?

Bai, arazo akademikorik ez da.

(...) Gainera, orain Gobernuan dauden agintariek ere ez dakit nola ikusiko luketen horrelako gauzaren bat. (...)

7 baietz!-i buruzko kritikak editorialean bere erantzuna daukatela uste dugu.

Hala ere, Protecsakoen bestelako konpetentziak bi aldiz frogatu dira: lehenengoa, Rivasek Leioako Intsumisio Taldeari Protecsakoek 94-IX-17an goizeko bostetan apurtutako kanpaina denda ordaintzeko promesa eman zion; bigarrena, Getxoko 1.go epaitegiak, Protecsa batek ikasle bat jipoitu zuela sententziatu zuen (7b! 0 zka.).

Gainera, oraindik badaude beste 4 epaiketa egitear.